XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egun osoak zeramazkiten onela Gillen eta Yon'ek.

Gosaldu bezin laster Miss Elisabeth'engana azaldu.

Onek ez zuela ezer eskeintzeko ta, orduan, bi lagunek bakoitzak bere bidetik ekiten zioten: Gillen'ek ajentzi bitartez eta Yon'ek izparringietako iragarkiei jarraituz.

Otorduetan janaria urri; txorixo alemanak ugari, eta menua pixka bat aldatzeko, hamburger izeneko aragi xeatuarekin egindako ogitartekoa eta, beti, apple pie zati bat, urdal txokoak berdintzeko.

Sosari begiratu bearra zeukaten, bestela, artan iraun bearra izan ezkero, aguro aski bukatuko bait ziran Virginia'n egindako dolartxoak.

Egunero, goiz eta arrats, jeikitzerakoan eta oyeratzerakoan, Yon'ek begiraldi bat ematen zien bere oñetakoei eta naigabez ikusten zuen gero ta amakalagozeuzkala.

Oñetako berriak erosteko baño diru geyago bazuen sakelean, baña lantegi berri bat eskuratu arte Caracas'tik ekarritakoekin irautea erabakia zeukan.

Egun batez, jeikita, presa geyegi izatea ez zala ona etsia arturik, bere gelako leyotik begira gelditu zan.

Andik artu zezaken uriaren ikuspegia izugarria iruditu zitzayon oyartzuarrari.

New York'en erdi aldeko zeru-orratzdun etxe pillak bertatik beertara zeuzkan, eta egitan uri aunditsua, uri galanta eta, batez ere, uri langille purrakatua zala errez igarri zezaken edozeñek andik.

Karriketan jendeak pillaka batetatik bestera; eta danak lanera.

Autobusak lepezurreraño beteak turut-otsaka kalerik-kale; eta danak lanera.

Lurrazpiko trenak txistuka larriturik bezela uriaren bazter guztietara jendia lodi karriatzen; eta danak lanera.

Berebillak lasterka bizian argi bideetan; eta danak lanera.

Ikuskizun aundi ura bere begien aurrean zeukala, onela zion Yon'ek bere baitan:

- Ainbeste lantoki ta ainbeste lan izaki New York ontan, eta nork esango likek ain zalla danik lan-pizarra eskuratzen?

Gogoeta itun oyek atzaparretan arrapatu ez zezaten, alde batera utzi eta YMCA'ko kafetegira jetxi zan gosaltzera.

Betikoa: erroskil gisako donough pare bat, akeita-esnea ta urez arindutako orangade edo naranjada.

Kalera irtetzerakoan, sarrerako langela egoten zan puertorriqueño gizon atsegin bat agurtu nai izan zuen, eta onek:

- Begira, Yon, jantzi lodiekin irten bear zenduke kalera.

Gaur goizean goiz-irratia entzun det eta eguraldia asko oztuko dala esan du.

Kontuz ibilli, eguraldia oso billaba da-ta emen.

- Barrengo lodia jantzia daukat eta gaurkoagatik...